Irakurketa Kluba
Beti Gazteko Irakurketa Taldea adin ezberdinetako jendez osaturiko taldea da, Mari Sol Irigoyenek sortu eta koordinatutakoa, helburu bezala irakurketa eta hizketaldia bultzatzea duena.
2010. urtean sortu zen taldea lau partaide zituela; gaur egun berriz, 26 pertsonek osatzen dute. Nafarroako liburutegi publikoen sareak (Nafar Gobernuak kudeatzen duen organoa) liburu sail mordoa kudeatzen du eta hauen erabilera Nafarroako irakurketa talde guztiei uzten die dohainik. Lesakako udal liburutegia Beti Gazteko Irakurketa taldeari hilabetero liburu bereko 20 ale lortzeaz arduratzen da, denek irakurri eta ondotik elkarrekin komentatu dezaten.
Hilero irakurtzen duten liburuaren inguruan hitz egin eta eztabaidatzeko, Harriondoan biltzen dira, normalean hileko azken larunbatean. Izan ere, taldearen funtsezko helburuetako bat hizketaldia eta solasa lantzea da, liburuaren inguruko edozein intereseko gai ateraz edo iritzi emanez.
ZINEFORUMA
Beti Gazteko Irakurketa Taldeak Zineforuma bezala kalifikaturiko bi ekitaldi antolatzen ditu urtean; hau da, urtean bi pelikula proiektatzen dira eta ondotik honen komentarioa egiten dute parte-hartzaileek.
Lehenengo pelikula kurtso hasieran proiektatzen dute eta horrela kurtso berriari ongi etorria emateaz gain, lehen liburuak banatzeko aprobetxatzen dute. Bigarrena, eta azkena, kurtso bukaeran ikusten dute, urtea ongi bukatzeko asmoz.
Jarduera honen bitartez hizketaldia eta elkar solasa lantzea ere espero da, baita iritzi eta ikuspuntu ezberdinen eztabaida lantzea ere.
URTEKO IRTEERA KULTURALA
Aurreko guztiaz gain, talde honek urtean behin irteera kultural bat antolatzen du. Normalean abuztu bukaeran edo iraila hasieran egiten da, gehiengoak noiz ahal duenaren arabera. Bidaia beti kulturala izaten da, hau da, bisitatzen den hiriko alderdi artistiko eta interes puntu nagusiak bisitatzen dira beti gainontzekoaz gain: alde zaharra, katedrala, museoren bat, etab.
Egindako bidaiak: Iruña, Sos de Rey Católico, Gasteiz, Bilbo eta Tarazona.